XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Belarra etxera ekartzeko 197 kable zeuden garai batean Ataunen

Kablea Ataunen liburua idatzi du Lourdes Altunak, eta Udalak argitaratu

Kablea Ataunen izeneko liburua atera du Ataungo Udalak, non ematen baita belarra menditik etxera ekartzeko izaten zen kablearen sistemaren berri.

Denera 197 kable inbentariatu dira herri horretan, eta egun erabiltzen direnak 17 besterik ez dira; beste 15 ere daude, baina erabiltzen ez direnak.

Herriko alaba batek, Otadi Zelai baserriko Lourdes Altunak, egin du azterketa lan hau.

Lan honek II. Ataun Aztergai Beka jaso zuen.

Ataunek duen orografia menditsuaren ondorioz baserrira belarra ekartzeko garatutako teknika bat izan zen kablea.

Baserri askotan edota gehienetan mendiko soroetatik baserrira belarra, garoa eta egurra ekartzeko garraio oso garrantzitsua bihurtu zen.

Ez dago garbi noiz sortu zen garraio-modu hau.

Idatzizko dokumenturik zaharrena 1923. urtekoa da; bertan, azaltzen da nola ematen zaion baimena Juan Dorronsorori Lizarrusti gainera dihoan errepide gainetik kable bat pasatzeko.

Baserritarrengandik jasotako ahozko informazioaren arabera, badirudi 1920. urte inguruan hasi zirela horrelako kableak Ataunen ipintzen. Ataunen ez ezik, Lezon ere jarri ziren.

Baserriak mendien magalean aurkitzen zirenez eta direnez, kableak jartzeko ez zen inongo arazorik izan. Kableak duen baldintza bakarra da bota behar den tokira iritsi behar duena baino altuago egotea. Modu horretan, erraz garraia zitezkeen nekazal produktuak, basoko egurra eta abar, dio liburuan Lourdes Altunak.

1950eko hamarkadan, kable asko kendu ziren.

Izan ere, makinaria berriari esker garai hartan bide asko egin ziren baserri inguruetan, eta baserritar askok traktorea erosi.

Belar-kablea da ugariena.

Denera, horrelako 195 kable zenbatu ditu Altunak. Beste bi kable-mota ere baziren, askoz sendoagoak: egur-kablea eta harri-kablea. Azken honetan, harria garraitzeko kaxoi moduko batzuk izan ohi ziren.

Belar-kableari cable loco ere esaten zitzaion.

Sistema hau nahiko sinplea izaten zen.

Jeneralean, lehenengo itsasoan ibilitako kableak ekartzen ziren Atauna.

Eta gehienetan nahiko gastatuta eta herdoiturik etortzen ziren gatzaren eraginez.

Gero, kable galbanizatuak ekartzen hasi ziren.

Belar-kable gehienek 8-10 zentimetroko lodiera izaten zuten.

Beste osagarri bat txirrika izaten zen, hau da, polea bat bere ardatzetik gantxo bat zintzilikatzen zuena.

Hiru motako txirrikak zeuden: burnia burniaren kontra zutenak; erdian brontzezko kaskiloa zutenak; eta errodamenduak zituztenak.

Beste osagarri bat danborra zen.

Metro erdi inguruko luzera eta borobil formako enbor edo txapa bat zen, kablea tiratu edo lasatzeko erabiltzen zena.

Danbor gehienak egurrezkoak ziren.

Kable gehienak nahiko motzak zirenez berrehun-hirurehun metrokoak, tiratzen ez zen lan handi-handirik izaten, baina dezente luzeagoak ere izaten ziren, eta horrelakoetan idiak erabiltzen ziren tira egiteko.

Beste osagarri bat disparoa izaten zen, berriz.

Inbutu tankerako txapa bat izaten zen disparoa, txirrika eta belar sorta lurrera botatzen zituena.

Txirrika kablean jartzen, txirrika disparoa eta jotzen eta belar sorta baserrira bidean.